2014/12/09

Medikuntza eta Zuzenbideko Asanbladak: "Gure proposamenen aurrean jarrera adeitsu eta ulerkorra izan eta lanean jarraitzeko prestutasuna erakutsi dute"

Pasa den azaroaren 12an burutu zen euskararen aldeko manifestazioan medikuntza eta zuzenbideko asanbladetako kideek EHUko euskara errektore ordeari hizkuntza honen aldeko aldarrikapen jakin batzuk helarazi zioten. Hori dela eta, azaroaren 20ean asanblada bakoitzeko kideak euskara errektore ordearekin bildu ziren. 




Hemen duzue bi asanblada hauek batera atera duten oharra:


Euskaraz ikasteko eskubidea hainbat urtez Euskal Herri osoko ikasgeletan burutu izan den aldarrikapen bat izan den arren, oraindik ez dira euskaldunon hizkuntza eskubideak betetzen.  Badira hilabete batzuk UPV/EHUko hainbat fakultatetako ikasle asanbladok gaia lantzen hasi ginenetik eta egungo egoeraz kezkaturik, biltzen hasi eta honi erantzun bat emateko dinamikak martxan jartzea erabaki genuenetik. Horren harira Leioako Kanpusean euskararen aldeko manifestazio bat deitu genuen, “EUSKARAZ IKASI ETA BIZI NAHI DUGU” lelopean.
Manifestaziora ehunka ikasle hurbildu ziren, beraien hizkuntza eskubideen alde borrokan egiteko prest. Fakultate eta eskola ugaritako jendea batu ginen. Medikuntza eta Zuzenbideko Asanbladetako ordezkariok gure eskari eta proposamenak errektoretzari helaraztea zen asmoa. Hasiera batean oztopoak jarri zizkiguten arren, euskara errektore ordearekin biltzea lortu genuen; gure aldarrikapenak eta datu ezberdinak biltzen zituzten dokumentuak entregatu eta beste bilera bat egiteko konpromezua hartu zuelarik.
Azaroaren 20an izango zen hitz emandako bilera hura. Egun horretan UPV/EHUko Euskararen arloko errektore ordeak, Jon Zaratek, eta Ikasle, Enplegu eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektore ordeak, Maite Zalaiak, bilerara deitu gintuzten Medikuntza eta Zuzenbideko Asanbladak.
Medikuntzakook izandako bileran nagusiki bi puntu landu genituen. Alde batetik, orain arte euskaraz izandako ikasgai bat, Leioako Kanpuseko ikastegian ematen den Anatomia Patologiko Orokorra, gauetik goizera gazteleraz izateko arriskuan egoteaz hitz egin genuen. Egoera errektoretza taldeko bi kideei azaldu eta hauek arazoaren konponbideak aztertzen daudela adierazi zuten, ziurrenik ikasgaia euskaraz mantenduko dela baieztatu zuten, ez baitago atzerapauso hau gertatzeko pisuzko arrazoirik.  
Horrez gain, Osakidetza eta EHUren artean dagoen hitzarmenaz aritu ginen. Medikuntzako 4, 5 eta 6. mailak ospitaletan egiten ditugu, eta bertan ditugun irakasleak, irakasgai gehienetan behintzat, Osakidetzako medikuak dira. Ospitaleetan irakasle dabiltzanen kontratazioa arautzen duen hitzarmena berrikusi beharra planteatu genuen ikasleok, euskararen presentzia urria aldatze aldera. Gure proposamena nahikoa ondo hartu zuten, eta hau sakonago aztertzeko konpromisoa hartu zuten.
Zuzenbidekoon kasuan, gure arazo nagusiena abokatu izateko Madriletik jarri diguten derrigorrezko masterra da. 4 urtetako gradua egiteaz gain, 2 urtetako masterra eta estatu mailako azterketa bat egitera derrigortzen gaituzte. Masterra zein estatu mailako azterketa espainol hutsez da, euskaldunon eskubideak berriro ere urratzen direlarik.
Orain arte ez da masterra euskaraz eskaini, baina funtsezkoa iruditzen zaigu etorkizunean euskaraz arituko diren abokatu eta prokuradoreak egoteko. Hamabi ikasleek osaturiko gutxiengo talde bat egonez gero masterra euskaraz egiteko taldea sortzeko konpromisoa hartu zuten.
Orokorrean, unibertsitateko irakasle zein langileen euskara maila eta ikasmaterialen urritasun zein kalitate eskasaren inguruan jardun genuen ere, planteatu genituen puntu gehienetan bat etorri ginelarik. Ondoren, fakultatean hauen arazo zehatzak landu genituen.
Errektoreordeekin izan genuen bileratik baikor irten ginen bi taldeak. Gure proposamenen aurrean jarrera adeitsu eta ulerkorra izan eta lanean jarraitzeko prestutasuna erakutsi zuten. Aurrera begira jarrita, urtarrilaren 14rako jarri genuen hurrengo batzarra.
Hala ere, argi dugu ez dugula gure arazoen erantzukizuna bakarrik euren eskuetan utziko, klaseak eta kaleak astintzen jarraituko dugu, euskal ikasleriaren kontzientziak pizten eta horren oinarrizkoa den eskubide honen urraketa gizarteratzen.
Baikor eta itxaropentsu begiratzen diogu aurretik datorkigunari, pausoka-pausoka baikoaz, pixkanaka baina pausu txikienak ere, Euskal Herri euskaldun horretara hurbilduko gaituela jakinik, Euskararen herri horretara.
Denon artean, lortuko dugu!

Medikuntza eta Zuzenbideko asanbladak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina