Pasa den azaroaren 12an burutu zen euskararen aldeko manifestazioan medikuntza eta zuzenbideko asanbladetako kideek EHUko euskara errektore ordeari hizkuntza honen aldeko aldarrikapen jakin batzuk helarazi zioten. Hori dela eta, azaroaren 20ean asanblada bakoitzeko kideak euskara errektore ordearekin bildu ziren.
Hemen duzue bi asanblada hauek batera atera duten oharra:
Euskaraz ikasteko eskubidea hainbat
urtez Euskal Herri osoko ikasgeletan burutu izan den aldarrikapen bat izan den
arren, oraindik ez dira euskaldunon hizkuntza eskubideak betetzen. Badira hilabete batzuk UPV/EHUko hainbat
fakultatetako ikasle asanbladok gaia lantzen hasi ginenetik eta egungo egoeraz kezkaturik,
biltzen hasi eta honi erantzun bat emateko dinamikak martxan jartzea erabaki genuenetik.
Horren harira Leioako Kanpusean euskararen aldeko manifestazio bat deitu
genuen, “EUSKARAZ IKASI ETA BIZI NAHI
DUGU” lelopean.
Manifestaziora ehunka ikasle hurbildu
ziren, beraien hizkuntza eskubideen alde borrokan egiteko prest. Fakultate eta
eskola ugaritako jendea batu ginen. Medikuntza eta Zuzenbideko Asanbladetako
ordezkariok gure eskari eta proposamenak errektoretzari helaraztea zen asmoa. Hasiera
batean oztopoak jarri zizkiguten arren, euskara errektore ordearekin biltzea
lortu genuen; gure aldarrikapenak eta datu ezberdinak biltzen zituzten dokumentuak
entregatu eta beste bilera bat egiteko konpromezua hartu zuelarik.
Azaroaren 20an izango zen hitz
emandako bilera hura. Egun horretan UPV/EHUko Euskararen arloko errektore ordeak,
Jon Zaratek, eta Ikasle, Enplegu eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektore ordeak,
Maite Zalaiak, bilerara deitu gintuzten Medikuntza eta Zuzenbideko Asanbladak.
Medikuntzakook
izandako bileran nagusiki bi puntu landu genituen. Alde batetik, orain arte
euskaraz izandako ikasgai bat, Leioako Kanpuseko ikastegian ematen den Anatomia
Patologiko Orokorra, gauetik goizera gazteleraz izateko arriskuan egoteaz hitz
egin genuen. Egoera errektoretza taldeko bi kideei azaldu eta hauek arazoaren
konponbideak aztertzen daudela adierazi zuten, ziurrenik ikasgaia euskaraz
mantenduko dela baieztatu zuten, ez baitago atzerapauso hau gertatzeko pisuzko
arrazoirik.
Horrez
gain, Osakidetza eta EHUren artean dagoen hitzarmenaz aritu ginen. Medikuntzako
4, 5 eta 6. mailak ospitaletan egiten ditugu, eta bertan ditugun irakasleak,
irakasgai gehienetan behintzat, Osakidetzako medikuak dira. Ospitaleetan
irakasle dabiltzanen kontratazioa arautzen duen hitzarmena berrikusi beharra
planteatu genuen ikasleok, euskararen presentzia urria aldatze aldera. Gure
proposamena nahikoa ondo hartu zuten, eta hau sakonago aztertzeko konpromisoa
hartu zuten.
Zuzenbidekoon
kasuan, gure arazo nagusiena abokatu izateko Madriletik jarri diguten
derrigorrezko masterra da. 4 urtetako gradua egiteaz gain, 2 urtetako masterra
eta estatu mailako azterketa bat egitera derrigortzen gaituzte. Masterra zein
estatu mailako azterketa espainol hutsez da, euskaldunon eskubideak berriro ere
urratzen direlarik.
Orain
arte ez da masterra euskaraz eskaini, baina funtsezkoa iruditzen zaigu etorkizunean
euskaraz arituko diren abokatu eta prokuradoreak egoteko. Hamabi ikasleek
osaturiko gutxiengo talde bat egonez gero masterra euskaraz egiteko taldea
sortzeko konpromisoa hartu zuten.
Orokorrean,
unibertsitateko irakasle zein langileen euskara maila eta ikasmaterialen
urritasun zein kalitate eskasaren inguruan jardun genuen ere, planteatu
genituen puntu gehienetan bat etorri ginelarik. Ondoren, fakultatean hauen
arazo zehatzak landu genituen.
Errektoreordeekin
izan genuen bileratik baikor irten ginen bi taldeak. Gure proposamenen aurrean
jarrera adeitsu eta ulerkorra izan eta lanean jarraitzeko prestutasuna erakutsi
zuten. Aurrera begira jarrita, urtarrilaren 14rako jarri genuen hurrengo
batzarra.
Hala
ere, argi dugu ez dugula gure arazoen erantzukizuna bakarrik euren eskuetan
utziko, klaseak eta kaleak astintzen jarraituko dugu, euskal ikasleriaren
kontzientziak pizten eta horren oinarrizkoa den eskubide honen urraketa
gizarteratzen.
Baikor
eta itxaropentsu begiratzen diogu aurretik datorkigunari, pausoka-pausoka
baikoaz, pixkanaka baina pausu txikienak ere, Euskal Herri euskaldun horretara
hurbilduko gaituela jakinik, Euskararen herri horretara.
Denon
artean, lortuko dugu!
Medikuntza
eta Zuzenbideko asanbladak.