Atzo, azaroak 12 Leioako campusean ikasle asanblada eta eragile ezberdinek deitutako euskaraz ikasi eta bizitzearen aldeko mobilizazio bat burutu zen.
Ehundaka ikasle batu ziren. Campusean barrena ibilita, medikuntzako asanbladako eta zuzenbideko asanbladako kideek UPV/EHUko euskara errektoreordearekin biltzen saiatu ziren. Bi bider topatu zituzten ateak itxita, baina azkenean, LAB sindikatuko ordezkari batez lagunduta, errektoreordearekin biltzea lortu zuten. Bitartean gainerako ikasleak errektoretza aurrean txistuka geratu ziren, barruan zeuden ikasleei elkartasuna txaloen bitartez adieraziz.
Euskara errektoreordearekin egon ziren ikasleek adierazi zutenez, errektoreordeak ikasleekin beste behin biltzeko prestutasuna adierazi zuen; baita euskararen gaia gertutik jarraitzera.
Ordubete baino gehiago luzatu zen mobilizazioa. Bukaerako ekitaldian ikasleek adierazi zutenez, euskarak UPV/EHUn duen presentzia negargarria da: "EHUko karrera asko eta asko ezin dira euskaraz ikasi bere osotasunean. Eta “Euskal Herriko Unibertsitatean” ez bada, non izango ote dugu aukera kalitatezko hezkuntza publiko eta euskalduna jasotzeko? EHU-k ez al luke ba, euskararen aldeko apustu tinko eta sendoagoa egin beharko?".
Unibertsitatean euskaraz bizi eta ikastea nahi bat izatetik errealitate bihurtzeko elkarlanari ekin zioten atzokoan ikasleak eta ikasle, irakasle eta unibertsitateko langileei euskararen alde lan egiteko saretzeko deia luzatu zuten: "Egoera hau aldatu nahi dugun asanblada, antolakunde, proiektu, eta euskara taldeok epe labur zein luzeari begirako lanketari ekiten diogu gaur. Euskaraz ikasi eta bizi nahi dugun ikasleok saretzea ezinbestekoa da egoera aldatzeko".
hspace="16" vspace="16" />





iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina