Ikasle andana EU2015en aurkako manifestazioan

Ikasleek hiru fakultate eta errektoreordetza hartu dituzte

Leioako Ikasle Jardunaldiak

Martxoan egingo duten Herri Unibertsitatearen aurreko ekintza bezala antolatu dituzte jardunaldiak

2014/11/27

[#StopEU2015] Ikasleek 3 fakultate eta errektoreordetza okupatu dituzte

Ikasle andana bildu da Leioako kanpusean EU2015en aurka borrokatzeko. Mobilizazioa kanpusetik barrena joan da, arazorik gabe. Errektoretzara sartzen saiatu dira, ateak itxita aurkitu dituztelarik. Manifestazioak Mikel Laboa plazaraino jarraitu du eta bertan ikasleek hitza hartu dute. Honen ostean, ikasleak lau zutabetan banatu eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean, Zientzietako fakultatean eta Medikuntzako fakultateko dekanotzetan, zein  Zuzenbideko fakultatean dagoen EHUko errektoreordetzan sartu dira. Ikasleek errektorearekin hitz egitea lortu dute. Bitartean ikasleek lau fakultateetako dekanotzetan darraite.



Ikasle Abertzaleak antolakundeak azaroaren 4ean Leioan egindako prentsaurrekoan Estrategia Universitaria 2015ren aurkako baterajotze nazionala deitu zuen gaurko egunerako. Bertan unibertsitateko estrategia “Bologna famatuaren” jarraipena dela adierazi zuten. Era berean, EHUko berrantolatze organizatiboaren lehen fasea “isilpean” gaur, azaroak 27 onartuko zela jakinarazi zuten; ikasle ordezkaritzaren presentzia testimoniala dela salatuz.

Bertan egin duten prentsaurrekoan adierazi dutenez, Bologna plana aplikatu zutenetik "unibertsitate publikoa izan beharko lukeen EHUren aurkako erasoak" pairatzen dituzte.  Estrategia Universitaria 2015, Europar Batasunaren unibertsitateetarako estrategia, GATS akordioan eta EE2020a du oinarri, Hauek zerbitzuen pribatizazioa dute helburu, kasu honetan hezkuntzarena: "Estrategiaren helburuok markatutako datetarako bete ezean Estatu sinatzaileei santzioak egingo zaizkie, eta beraz, estatu espainiarra sinatzaile den heinean EU2015 aurrera eramango du. Era berean, EHUk bere 2017ra arteko Plan Estrategikoan EU2015 goraipatzen du, eta hori dela eta, aurrera eramango duela aurreikusten dugu, isilpean izan arren". 

Hau horrela, Ikasle Abertzaleaketik estrategia hau, "ikasleoi eta Euskal Langile Herriari erabateko eraso larria" dela azpimarratu dute. Hori dela eta, ikasle hauek, bai EHUko errektoretza taldeari, nola Eusko Jaurlaritzari, hiru puntutan garatzen den eskaria luzatu diete. Honela azaldu dituzte hiru puntu horiek:

  1. "EU2015 eta 3+2 erreformak ez onartu eta aplikazioa ekiditera konprometitu daitezen.  Ez dugu onartuko gure hezkuntza merkatuaren mesedetara egoteko errentagarritasunean, indibidualismoan eta lehian oinarritutako neurriak hartzea, ez eta jakintza eta kapital soziala eta gure etorkizuna bera ere,  esku pribatuetan uztea.
  2. Gaur egun bermatzen ez diren euskaraz ikasteko eskubidea eta ikas baldintza duinak berma ditzaten. Gure hizkuntzaren normalizaziorako pausoak ematen hastea exijitzen diegu. Bestalde, edozein herritarrek unibertsitatean baldintza duinetan ikastea bermatzea eskatzen diegu.
  3. Unibertsitatea herriaren mesedera jartzeko neurriak diseinatu eta martxan jartzeko ikasleokin batera trantsizio mahai bat sortzera konprometitzea. Honela ikasleok hainbestetan eskatu dugun herritik eta herriarentzat den hezkuntza bat eraikitzerako bidean kokatzeko".

Ikasleek, EHUko errektoretza taldeari haiekin negoziazio mahai bat sortzeko eskaera egin diete: Mahai hau, ikasleon nahiak eta beharrak errespetatuko dituztela bermatzeko beharrezkoa da, negoziazio mahai hau gabe, ez dugu inolako bermerik. Guk, mahai honetara ikasleon iritzia eta erabakiak eramateko fakultate guztietako gela guztietaraino helduko den prozesu parte-hartzailea martxan jartzeko asmoa dugu, baina erabakiok kontuan hartuko direnaren bermeak behar ditugu".



Negoziazio mahai hau osatzen ez konprometitzekotan, negoziazio mahai horren lehengo bilera horren data jarri arte errektoreordetza eta fakultateko dekanotzetan itxialdiak aurrera eramango dituztela adierazi dute.

Momentu honetan ikasleak hiru dekanotza eta errektoreordetzan daude. Errektorearekin hitz egitea lortu dute. Honek proposamenak bidaltzea eta bilera baterako hitzordua paratuko zutela erran die. Ikasleek ordea, ez daude hori onartzeko prest.

Jarraitu hemen gertatzen dena #StopEU2015 traolaren bitartean!




2014/11/24

Leioako Ikasleen Jardunaldiak

Aste honetan zehar, azaroaren 24etik 27ra, kanpuseko fakultate ezberdinetan hitzaldi, tailer, eta bestelakoak egongo dira Leioako Ikasle Jardunaldien baitan.



Joan zen ikasturtean ikasle talde batek Herri Unibertsitatea egin zuten. Gogora ekartzeko hemen dituzue Herri Unibertsitatearen inguruan egindako bideoak:




2014/11/19

Zuzenbide Jardunaldiek aurrera darraite!

Joan den asteartean, azaroak 11, Zuzenbideko I. Ikasle Jardunaldien bigarren hitzaldia egin zuten. Bertan abortoaren inguruan solasteko aukera izan zuten, izan ere, "emakumeon askatasunaren kontra egiten duen beste adierazle bat da abortatzeko eskubidearen debekua".



Zuzenbideko Jardunaldiekin jarraitzeko abortatzeko eskubidearen gainean aritzeko aukera izan dute ikasleek oraingoan. Talde txikietan batu eta zenbait galdera eginez hasi zuten solasaldia. Berdintasun Saileko Arantza Camposek ostera, errotik aldatu zuen solasaldiaren norabidea:

"Zergatik egon behar da abortatzeko eskubidearen debekua Zigor Kodean? Akaso, hori izango litzateke oinarria, despenalizazio bidea harturik. Edota deslegalizazioa litzateke egokiagoa?" 

Bestalde, Pili Alvarez Bizkaiko Abortatzeko Eskubidearen aldeko Plataformako kideak, abortuaren  historiaren errepaso txiki bat egin zuen; gai honen ingurua izan diren legeak ikuspuntu feminista batetik azaldu zituelarik.

"Oraindik ez zarela jardunaldietara hurbildu???Lasai ikasle, oraindik garaiz zaude!", diote Zuzenbideko asanbladako kideek: "Badakizu zer dan Fracking-a? Honek ingurunean  eta  gure osasunean dituen eraginak? Eta geldiarazteko martxan dagoen herri ekimen legegilea?".

Ostegun honetan, azaroak 20,  13:00ean Zuzenbide Fakultatkeo 1.2 gelan FRACKINGEZ!-kolektiboko ordezkariek Frackingaren arriskua Euskal Herrian eta hau debekatzearen aldeko herri ekimen legegileaz jorratuko dute.

Animatu eta bertaratu!

                         

2014/11/13

#EHUskaraz - Euskaraz ikasi eta bizi nahi dugu!


Atzo, azaroak 12 Leioako campusean ikasle asanblada eta eragile ezberdinek deitutako euskaraz ikasi eta bizitzearen aldeko mobilizazio bat burutu zen.

Ehundaka ikasle batu ziren. Campusean barrena ibilita, medikuntzako asanbladako eta zuzenbideko asanbladako kideek UPV/EHUko euskara errektoreordearekin biltzen saiatu ziren. Bi bider topatu zituzten ateak itxita, baina azkenean, LAB sindikatuko ordezkari batez lagunduta, errektoreordearekin biltzea lortu zuten. Bitartean gainerako ikasleak errektoretza aurrean txistuka geratu ziren, barruan zeuden ikasleei elkartasuna txaloen bitartez adieraziz.



Euskara errektoreordearekin egon ziren ikasleek adierazi zutenez, errektoreordeak ikasleekin beste behin biltzeko prestutasuna adierazi zuen; baita euskararen gaia gertutik jarraitzera.

Ordubete baino gehiago luzatu zen mobilizazioa. Bukaerako ekitaldian ikasleek adierazi zutenez, euskarak UPV/EHUn duen presentzia negargarria da: "EHUko karrera asko eta asko ezin dira euskaraz ikasi bere osotasunean. Eta “Euskal Herriko Unibertsitatean” ez bada, non izango ote dugu aukera kalitatezko hezkuntza publiko eta euskalduna jasotzeko? EHU-k ez al luke ba, euskararen aldeko apustu tinko eta sendoagoa egin beharko?".

Unibertsitatean euskaraz bizi eta ikastea nahi bat izatetik errealitate bihurtzeko elkarlanari ekin zioten atzokoan ikasleak eta ikasle, irakasle eta unibertsitateko langileei euskararen alde lan egiteko saretzeko deia luzatu zuten: "Egoera hau aldatu nahi dugun asanblada, antolakunde, proiektu, eta euskara taldeok epe labur zein luzeari begirako lanketari ekiten diogu gaur. Euskaraz ikasi eta bizi nahi dugun ikasleok saretzea ezinbestekoa da egoera aldatzeko".






2014/11/11

Leioatik!ek "Euskaraz ikasi eta bizi nahi dugu" mobilizaziorako deialdia luzatzen du

Aupa ikasle!
Bihar, azaroak 12, Leioako kanpuseko Medikuntzako Asanbladak, Zuzenbideko Ikasle Asanbladak, Zientzietako euskara taldeak, Leioako Ikasle Abertzaleak-ek eta Leioatik! ikasle proiektu komunikatiboak euskaraz ikasi eta bizitzearen aldeko mobilizazioa deitu dugu. Mobilizazio txikiak egingo dira 11:00tan fakultate bakoitzean eta 11:30etan Mikel Laboa plazan batuko gara ikasle guztiak, mobilizazio nagusiari hasiera emanez. Zatoz berdez jantzita!!


“Euskaraz ikasi eta bizi nahi dut” lelopean kanpuseko ikasleak mobilizatzera deituko ditugu. Mobilizazio hau euskararen alde lan egiteko prest dagoen ikasle, irakasle, langile, asanblada eta taldeak elkarren artean saretzen hasteko baliatu nahi dugu. Kanpuseko fakultate ezberdinetako kideek euskararekiko dituzten errealitateak partekatzea da helburua. Gainera, elkarri dagoeneko martxan dauden iniziatiba eraikitzaileen zein aldarrikapen zehatzen berri emateko ere baliatu nahi dugu mobilizazioa.

Leioatik! proiektu komunikatiboak euskararen gaia jorratzea nahitaezkoa ikusten du. Hori dela eta, asteazkeneko mobilizaziora batu eta ikasleak bertaratzera animatzeaz gain, aurrerantzean, euskararen inguruko lanketa sakonari ekingo diogu. Izan ere, UPV-EHUn dagoen euskararen presentzia tamalgarria dela uste dugu. Euskal Herriko Unibertsitate bada ere, euskara bigarren maila batetan dagoenaren irudia dugularik.

Horregatik, euskararen alde lanean jarraitzera animatu nahi zaituztegu, biharko mobilizazioetan zuen haserrea erakutsi eta elkarturik dugun indarra erakusteko.

Era berean, mezu honen bitartez jakinarazi nahi dizuegu Leioatik!-eko kudeatzaileok proiektuari buelta pare bat emateko denbora tarte bat hartzea erabaki dugula.  Proiektua sortu genuenetik hona izandako ibilbidea baloratu eta bertan ezarri genituen ildoei eutsirik proiektuan aurrera pausoak eman nahi ditugularik.
Hori dela eta, gure webguneko hainbat atal kentzea erabaki dugu, oinarrizkoak diren elementuak soilik mantenduz. Oraingoz, sare soizaletan (facebook eta twitterren), zein webguneko sarreren bitartez jarraitu ahalko duzue gure jarduna, eta hortara animatzen zaituztegu.
Hala ere, ez larritu: indarberriturik ekingo diogu berriz lanari. Beraz adi egon gure sare sozialetara!
Goazen Leioatik! Begiratzen jarraitzera,

Goazen Leioatik! Mundura!
Gora Leioatik!
 
Leioako kanpusean, 2014ko azaroaren 11ean


Leioatik!, Leioako kanpuseko proiektu komunikatiboko kideak.

2014/11/10

Zuzenbide fakultateko I. Jardunaldiak martxan dira!

Joan den ostegunean, azaroak 6, Asier Blas (EHUko irakaslea) eta Donbass-era joandako Alex eta Karlos  brigadistak izan genituen Zuzenbide Fakultatean Jardunaldiak estreinatzeko. "Urduri geunden…Zuzenbideko I. Ikasle jardunaldiei hasiera emateko ordua iritsi zen…. Baina azkenean denak ondo bain hobeto irten zuen!", adierazi zuten Leioako Zuzenbideko Asanbladako kideek.

Argazkia: Zuzenbideko Ikasle Asanblada

Hasteko, Ukranian gertatzen ari den nazismoaren egoeraz mintzo izan zen Asier  eta ostean Alexek eta Karlosek  brigadista moduan Donbasseko herri erresistentziaren  haien  experientzia kontatu zuten. 

Ikuspuntu ezberdinak jaso izanak osteguneko hitzaldia "aberats eta interesgarri" bihurtu zuen asanbladako kideen hitzetzetan:  "Gure esker beroenak hizlariei! Bejoindezuela!".



Argazkia: Zuzenbideko Ikasle Asanblada

Era berean, Leioako Zuzenbideko Asanbladako ikasleek ostegunean bertaratutakoei eta bertan egon ez zirenei bihar, azaroak 11, 13:00etan Zuzenbide Fakultateko 2.6 gelan izanen den hitzaldira gonbita luzatu nahi izan zuten: "Gaur hurbildu zareten denoi eta oraindik hurbildu ez zaretenoi ere, azaroan zehar eginen ditugun hitzaldietan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu".

Biharko hitzaldia abortatzeko eskubidearen inguruan izango da: "Ezin gara erlaxatu neskak, lortu ditugun eskubideak edonoiz galtzeko aukeran gaude", adierazi dute. Alde batetik ikuspuntu feminista bat eskeiniko duen Pili Alvarezek, Bizkaiko Abortatzeko Eskubidearen Plataformako kidea,  eta bestaldetik, ikuspuntu juridiko bat eskeiniko duen Berdintasun Saileko Arantza Campos izango dira biharko hizlariak.

Ikasle animatu eta hurbildu zaitez Zuzenbideko ikasleek prestatutako jardunaldietara!





2014/11/04

Azaroaren 27an baterajotze nazionala deitu du Ikasle Abertzaleakek

Joan den martxoan, hilabete osoan zehar, Hego Euskal Herriko hezigunetan mobilizazioak egin eta 20.000 ikasletik gora irten zinen kalera hilabete horren amaieran deitu zuten greba egunean. Orduan egin zuituzten eskaerak argiak ziren: “EU2015 unibertsitate estrategiari, LOMCEri eta PNVren Heziberriri ezezkoa ematea eta bide batez, interes merkantilistak atzera utzita, herritik eta herriarentzako hezkuntza propioa eraikitzeko konpromisoa hartzea”.

 Unibertsitateko estrategia “Bolognia famatuaren” jarraipena dela adierazi dute. Era berean, EHUko berrantolatze organizatiboaren lehen fasea “isilpean” datorren azaroaren 27an onartuko dela adierazi dute; ikasle ordezkaritzaren presentzia testimoniala dela salatuz.

Egoera honen aurrean, ikasleek, hitza emango dien trantsizio mahai bat eratzea exijitzen diote UPVko errektoretzari: “ikasleriak horrenbeste aldiz eginiko eskaerei erantzuteko: EU2015 estrategia ez aplikatu, ikas eta hizkuntza eskubide duinak lortu, eta herritik eta herriaren beharrei erantzuteko hezkuntza egituratzeko”.

“Ikasleon hitza aintzat izateko, behartu egin beharko ditugu eta kaleak eta heziguneak dira gelditzen zaizkigun borrokarako esparru eraginkorrenak”, adierazi dute Ikasle Abertzaleakeko kideek. Hori dela eta, azaroaren 27an Leioako Campusean egingo den manifestaziorako deia luzatu dute, ikasleriari bertan  parte hartzera animatuz.