Gasteizko pisuko azkeneko erlikiak biltzen, ohe azpitik zer ateratzen nuen ere ez nekiela, bi gauzaz ohartu nintzen batetik, ikasle pisu batean zenbat zikinkeria metatu daitekeen (kar kar…), eta bertzetik, urtea zeinen azkar pasatzen den; zeinen azkar ahanzten diren urtebete lehenago gertatutakoak.
Azkeneko pentsamendua karpeta beltz hautseztatu batek ekarri zidan. Barnean paper saldo bat: gutunak, egiaztagiriak, tituluak, eskariak, fotokopia… mota guzietako parafernalia burokratikoak.
Eta hori guzia ikasketak euskaraz egin nahi izateagatik.
Izan ere, urtero-urtero, Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko zenbait ikaslek, baxoaren ondotik, unibertsitateko karrera euskaraz egiteko hautua egiten dute. Hautu kontzientea behar du honek ordea, helburua lortzeko hamaika oztoporen gainetik egin behar izaten baita jauzi.
Joan den urtean, 5 bat lagunek egin genuen aukera hori, horrek dakartzan akrobaziekin batera. Donostiara hamar mila joan etorri, UPVko bulegoetara, hezkuntza delegaritzara… Batetik bertzera bidali gintuzten haiek ere, ez zekitelako ez zer egin ez zer erran behar ziguten.
Azkenean, UNEDra bidali behar izan genuen eskutitz bat, baxoa homologatu ziezaguten. Baina nola kexatu? Gure anai-arreba zaharragoen garaian Parisera joan behar izaten zuten eta selektibitatea egitera! Eta gutako batzuek ere, proba espezifikoa egin behar izaten dute guk ikasitakoengandik guztiz ezberdinak diren edukiak ikasiz, bestela ezinezkoa delako karrera batzuetan eskatutako zenbait mailatara iristea…
Eta hori guzia eginez onartuko bagintuzte, gaitz erdi, baina bai zera! Nire lagun batek irailean, kurtsoa hasita, oraindik ez zekien bertan ikasi ahal izanen ote zuen ere… Ez dakit ongi ulertzen zaidan… laburki azalduz, Suedia edo Txinako (zerbait errateagatik) ikasle batek Espainiar estatura ikastera joateko egin behar lukeen paperkeria bera egitea eskatzen digute Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarrekooi EHUra joateko.
Zuei normala iruditzen zaizue ?
Aurten ez dakit nola ibili izanen diren baina ez nintzake sobera fidatuko. Bere burua “Euskal Herriko” Unibertsitatetzat duen horrek ez baitu inondik inora ere nazio ikuspegirik izanen, lurralde zati bati horrenbeste zailtasun jartzen dizkion bitartean.
hspace="16" vspace="16" />





iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina