Zuzenbideko ikasleak behin gradua amaituta egitera derrigortuta dauden Abokatutza Masterra euskaraz eta Leioan egitea aldarrikatu dute: "Euskal Herriko Unibertsitatean bertan euskaraz ikasteko oztopoak ditugu, eta hau aldatzeko azkeneraino iristeko prest gaude. Hitz eta promesetatik konpromisoa erakustera eta benetan Euskal Herrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko lan egitera deitzen ditugu Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak".
Zuzenbideko ikasleen oharra:
Abokatutza masterra
euskaraz eta leioan!
Egun, abokatu
izateko derrigorrezkoa zaigu zuzenbideko ikasleoi Abokatutza
Masterra egitea. Joan den urtean eskaini zen lehen aldiz Euskal Herriko
Unibertsitatean abokatutza masterra eta, aurreko asteetan aditzera eman
dugunez, ez zen euskarazko talderik sortu.
Hurrengo ikasturteari
begira arazoa errepikatzen da, eta euskarazko ikasleok berriro ere egoera
diskriminatzaile baten aurrean aurkitzen gara. Honetaz gain, euskarazko
masterra deitzen dioten hori, ez da inondik inora horrela; izan ere, master
osoaren %38a baino ez dago bermatuta euskaraz, hizkuntza honetan irakatsi
dezaketen irakaslerik kontratatu ezin delako aitzakiarekin. Hori al da Euskal
Herriko Unibertsitateak euskarazko master bati ematen dion garrantzia?
Azken egunetan hainbat
eskaera ezberdin helarazi dizkiogu euskara errektore ordeari. Bere esanetan “euskarazko”
taldea bermatuta dago baldin eta 12 ikasle matrikulatzen badira (aurrez
ezarritako kopurua 8 ikaslekoa zen). Kopuru minimo honi beste inguruabar batzuk
gehitu behar dizkiogu, “euskarazko” taldea sortzea ikaragarri zailtzen dutenak:
- Abokatutza
masterra gazteleraz Donostiako eta Leioako kanpusetan eskaintzen den bitartean,
“euskarazko” masterra bi kanpusetako batean eskainiko dela adierazi dute. Non
izango den erabat zehaztu ez duten arren, ziurrenik Donostian izango dela esan
digute. Eskubide urratze larritzat jotzen dugu hau. Adibidez, ez dago edonoren
esku Donostian masterra ordaintzeaz gain, pisu bat ere ordaintzea, edo
eguneroko garraioa ordaintzea. Horrela, euskarazko masterra soilik kanpus
batean eskaintzea matrikulazioak atzera botatzeko arrazoi argia da.
- EHU-k
euskarazko masterra aurrera joatearen kontrako arazo nagusi bezala diru
falta adierazi izan digute. EHU-ko aurrekontuak bestelako
proiektuetara bideratzen direla ikusirik, aurrekontu hauen kudeaketaren
arduradunei ikasleen formakuntzari lehentasuna ematea eskatzen diegu.
- Horrez
gain azpimarratu behar da estatuko abokatutza masterraren amaieran egiten den
estatu mailako azterketa gazteleraz soilik eskaintzen dela. Legearen arabera
Autonomi Erkidego bakoitzak antolatu dezake azterketa hau. Oraindik ez da pausu
hau eman, eta ez digute aurrera eramango dutenaren seinalerik eman. EHU-ren
konpetentzietatik haratago dagoen zerbait dela argudiatzen dute. Honek ere,
euskarazko eskaeren jaitsiera ekartzen du, eta Euskal Herriko Unibertsitateak
bere esku dagoen guztia egin beharko luke hau aldatzeko.
Guretzako abokatutzan jarduteko beharrezkoa den master bat dela
kontutan hartu behar dugu, askoren etorkizunean ezinbestekoa izango dena.
Horrela izanda eta zuzenbideko gradua bere osotasunean euskaraz eskainita, bai
Donostian zein Leioan, eskubide urraketa larritzat jotzen dugu Abokatutza
Masterra “euskaraz” kanpus batean soilik eskaintzea eta gainera ikasle kopuru
minimo baten esperoan gelditzea.
Leioako Zuzenbideko
euskarazko ikasleok Abokatutza Masterra gure hizkuntzan egiteko eskubidea
aldarrikatzen dugu, Leioan eta Donostian, denon eskura dagoen master bat
eskainiz. Horrez gain Euskal
Herriko Unibertsitateari eskatzen diogu bere esku dagoen guztia egiteko estatu
mailako azterketa euskaratzeko.
Euskal Herriko
Unibertsitatean bertan euskaraz ikasteko oztopoak ditugu, eta hau aldatzeko
azkeneraino iristeko prest gaude. Hitz eta promesetatik konpromisoa erakustera
eta benetan Euskal Herrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko lan egitera
deitzen ditugu Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak. Era berean gonbidapena
luzatzen diegu zuzenbideko ikasle zein irakasleei, arazo honek guztioi
eragiten digula ulertzen dugulako.